XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta etchalde bat azkar atchikitzeko edo emendatzeko, ez da aski aurhide bakotchak han hemenka zerbeit lan purruchken egitea, bakotcha bere alde: behar da ororen manatzeko eta gidatzeko buru bat, eta oroz gainetik elgarrekilako amodio eta laguntza.

Berdin berdina Pilotako ontasunean: behar da gidari, behar da segitzaile, eta behar dira, batzu eta bertzeak, elgarren amodioan bizi, Aita beraren seme direlakotz, eta denek behar dute chede bera eta bakharra: Pilotaren ona eta geroa, ahal bezin ongi seguratzea.

Hortako buruzagia izan dadiela berechkuntzerik eta borthitzkeriarik gabeko, aita familiako on baten pare; ez ohore-gose, ez baliatzaile; begi oneko bezain bihotz nasaiekoa; urrun eta gora ikusten, eta hurbileko aphalenak maite; geroaren moldatzaile oraikoa utzi gabe; gazteen entzule eta ez kasko-gogor; eta oroz gainetik bere lanean laguntzaketari eta ordainketari, ez beti gider-bereko eta gider-bakharreko.

Buruzagien inguruan direnak, eta bereziki gazteak, izan ditela on eta zerbitzu-egile, jostakin eta ez harrapailu; ezti eta humil, ez idor eta borthitz.

Gazterik ikas dezatela bertzez okupatzen, egun batez beren chaindan, pilotatzale on eta leihal izaiteko gisan.

Adinekoen alde da zuhurtzia eta esperientzia, gaztek aldiz indar eta odol.

Adinekoak du ainitz ikusi eta ikasi, gaztea da dena nahikunde.

Beraz, horiek guziak bat-eginez, elgar lagunduz, eta hola bakharrik, dugu zerbeit on eta eder eginen, Pilotaren alde.

Ez kiski-karka edo kasailan ariz, kasaila baita ardura herrako bide, sekulan laneko eta amodioko bidea.

Pilotari aurhide maiteak, utz ditzagun Jainkoaren oinetan gure gora-behera eta hotz-bero guziak.

Gure Jainko maiteak churi ditzala gure gaizki-erranak eta eginak, eta denek har chedea, gure pilotako harat-hunat guzietan, in-ahala khar eta amodio erabiltzeko, Pilota eta pilotari guzien onetan.

Halabiz.

Ezpeletan, urriaren 21-ean.